XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arakil berean Uharteko kristau ikasbidearen argitalpen bikaina ere balia dezakegu, baina ez dakigu nork eta noiz idatzia den; ezagun du, ordea, Uharteko hizkera jatorra ageri dela bertan (Arakama 1994: 569).

Lakuntzako 1838ko otoitz batzuk eta zaharragoa izan daitekeen prediku bat ere baditugu (Satrustegi 1987: 229-234); azkenik, Arruazuko hizkeraren kutsu nabarmena duten Sakana aldeko idazki batzuk ere badira, Aralarko saindutegian bilduak (Satrustegi 1987: 186).

Lanari ekiteko moduan gaude, beraz, baldin egonarri apur batekin, ditugun hizkuntza datuak, testuak eta baliabideak xeheki aztertzen baditugu.

Hona, orain, hauei buruz egitea komeni den hainbat argibide:

4.4. Gure datuak hizkuntza ezaugarriak izanen dira, baina ez edozein datu, hautatu dugun eremu hau dialektologiaren alderditik aztertzeko eta bertan azpieremuak banatzeko bezainbateko garrantzia edo gaitasuna dutenak baizik.

Beste aldetik, edozein bi eremuk edo gehiagok batera dituzten hizkuntz ezaugarri andana kontuan hartu beharko dugu, eta baita ezaugarri hauek inguruko ibarretan zer nolako hedadura duten ere.

Honela, ibarretako hizkerak bata bestearekin nola erlazionatzen eta egituratzen diren aiseago ikusten da, eta bide batez, hizkera edo dena delako horiek dialektoei -azken batean euskalkiei- loturik nola dauden ageri zaigu.

4.5. Lanerako darabiltzagun testu edo eskuizkribuak erlatiboki diatopikoak direla diogu.

Gure lanabesetan bada adibide bat.

Goñin sortu Markotegi apezak prediku bat idatzi zuen Ollon 1777an irakurtzeko.

Kasu honetan badakigu egilea nor den eta non sortu zen, badakigu idazkia noizkoa den, eta badakigu zein herritan egiteko idatzi zuen.

Nahi genituzke honelako zehaztasunak Nafarroa Garaiko beste testu zaharretarako ere!

Halaz ere Markotegiren idazkian anitz dira ez Goñiko sortzezko bere hizkerari ezta aldaka-aldakako Olloibarkoari dagozkion hizkuntza aldaerak.

4.6. Handiak dira baliatzen ditugun testuetan gertatzen diren lokalizazio arazoak. Esaterako: Bonapartek 1869. urteko lehen hilabeteetan Oltza herriko hizkuntza datuak bildu zituen Donibane-Lohizunen Juan Martin Ugartek emanik; datu zehatzak dira hauek.

Bestalde, Oltza zendeako Ibero herriko guruzpide otoitz bat ere ezagutzen dugu, eta pentsa liteke bertako hizkuntza ezaugarriek Iberoko iragan mendeko euskara leial irudikatzen dutela.

Bestetik, Izarbeibarko Muruzabalen aurkitutako sermoi batek, Oltza zendean dagoen Ororbia herri izena eta 1758 data daramatza, eta berarekin batera beste sei prediku gehiago daude idazkera berdinarekin.

Testu horretako hizkera benetan Ororbian egiten zena dela onartu behar ote dugu?

Bonaparteren Oltza herriko datu Donibane-Lohizunen bilduak eta Ororbia (1758)-ko datuak bat ez badatoz, zer pentsatu behar dugu: Bonapartek ez zuela xuxen jokatu inkestagintzan?

Ororbia (1758) delako hori ez zuela ororbiar batek idatzi, eta Ororbian predikatu zela baizik ez dakigula?

Oltzako datuak Bonapartek eskaintzen duen fidagarritasunagatik eta Iberoko guruzpide otoitzari suposatzen diogunagatik ezagunxeak direnez, pentsa ote liteke hauetan oinarritzea aski dela Ororbia (1758) izeneko testua Oltzakoa ala Goñerrikoa den han ere agertu baita idazki hau jakiteko?

Horrela ote da hori benetan?

Honela balitz, aiseago litzateke Goñerriko testuak izenburupean dugun idazki andana horretan argitasun eta ziurtasun zerbait ateratzea.